GaztEKaitza II

Erakusketa

Bost urte iragan dira GaztEKaitza erakusketa antolatu genuenetik. Orduan elkartu genituen lau artistak berriz ekarri nahi izan ditugu.

Bost urte horietan zein bide hartu duten, zein aldaketa, eraldaketa… beren barneko ekaitzak eta gaitzak zertan diren erakutsiko digute.

Gomita onartu diguten lau sortzaile lapurtarrak: Béatrice Elso (Itsasu), Muriel Platero (Baiona), iF (Uztaritze) eta Viviane Michel (Milafranga).

Tintazko marrazkiek, teknika ezberdinak nahasten dituzten obrek (tinta, olioa, kolaketa…), akrilikozkoek eta burdinezko eskulturek Donibane Garaziko Apezpikuen Presondegiko gelak partekatuko dituzte Urriaren 4tik Azaroaren 1.era bitartean (11:00-12:30 / 14:30-18:30. Asteartetan hetsia).

Estreinaldia: urriaren 4an, 18:30etatik goiti.

Viviane Michel

Zuzenean barne-barnean hunkitzen zaituzten obrak dira Viviane Michel-enak.

Bere sorkuntza bakoitza historia intimo bat da, zentzumenen eta norberaren ezagupenerako bidean urrats bat.

Viviane Michel-ek zorrotz eta trinko lan egiten du. Ofiziale baten antzera ari da inausten, ehuntzen, marrazten, lotzen… esku ttipiekin bapatekotasuna, arintasuna eta lan luzea uztartuz.

Bere baratze berezia osatzen doa, sentikor, teknika ezberdinak (marrazkia, joskera, fotograbaketa, ehuntzea…) ohiko bideetatik desbideratuz, bere mitologiara egokituz.

Bere obrek, lehen-lehenik, erakarri eginen gaituzte eskaintzen diguten paisaia fantastikoa dela-eta, adierazten duten samurtasuna eta goxotasuna dela-eta, erakusten diguten emozioa eta lirismoa dela-eta.

Hurbilduz gero, marrazkiaren poesia intimoa, marraren zehaztasunaren sakontasuna, sentikor denaren hurbilpen sotila ediren ditugu.

Viviane Michel-ek aztarnak ereiten ditu bere narrazio espazioan ingurumena eta natura inspirazio iturri izanik, horretarako landareak eta loreak, animaliak, gorputza eta objektuak sentimenduak iradokitzeko sinbolo bezala baliatuz. Kanpoko mundua eta barneko unibertsoa graziaz eta lotsaz uztartzen ditu adierazpide espresibo baten bidez eta narrazio hunkigarri baten bidez.

Béatrice Elso

Beatrice Elso-k oso poetikoa den eta keinu expresionista oso gordina duen unibertso onirikoa garatzen du etengabe. Arrazoi izpirik gabeko pentsamendu askean jostatzearen probokazioa, mundu zaporetsu erabat eragabe baten irudikapenean jostatzearen gozotasuna, gorputzaren zulo eta jariakinek indar guztiz euren funtzio erotiko nahaskorrak betetzen dituzten mundua.

Marrazkia da, ezinbestez, Beatricen gorputz hizkuntza.

Marra monolito bat sortzen du esku hutsez, amaiera fantastiko batera eraman arte.

Bitxia, likitsa, arina, fantasiazkoa, ametsezko jokoaren etengabeko berritzea…

Erabat garaikidea den Beatrice Elso-ren hizkuntzan kanpoan bizitako, giro bortitz eta goxoko, haurtzaro baten zantzu ludikoak aurkitzen ditugu.

Muriel Platero

Modu figuratiboan ikuspuntu desberdinetatik gizakia ikertzen entsaiatzen da Muriel Platero, gizakia animaliarengandik bereizten duen muga xekatuz, bere pentsamenduak eta sentipenak aipatuz, bere gorputza hurbiletik aztertuz (gogoak nora arte hura kontrolatzen duen).

Margotzen dituen pertsonaiak sufritzen edo postura txarrean dira gehienetan, itxurakeriatik urrun, benetan direnetik hurbilduko balira bezala.

Erantzunak baino galderak ekartzen dizkigu. Gizakiarengan gizatasun partea xerkatzen dabil nolabait.

iF

IF-ek askatasunaren gai unibertsala hartu du ardatz. Ezkutatu beharreko maitasun eta gorputzak loriatzetik (Arrak eta Garrak, 2011) Mundu Librea deitzen zaionaren kontraerranak agerian uzten hasi zen Isilduak seriearekin (2012tik). Mundu Librea dei daiteke gerra oinarri duen ekonomia duena, edota herritarren oinarrizko eskubideak urratzen dituena? Horrela, giza kondizioa lokarri ikusezinekin lotutako gorpu(tz)ekin irudikatu du.

Baina azken isilduek esperantza zerbait ekartzen digute. Kolorea itzuli zaigu indarrez. Mugimendua ageri da, isilduak, batzuk, lotuak izan arren, askatu nahi dutelako, bizirik baitira, bizi nahi dutelako.

Orain, Isilduei lekukoa hartu die Hirisilduak serieak. Hirisilduek askatasunaren alor zehatzago batera garamatzate: lurralde antolaketara, hirigintzara. Mundu bat. Ez. Bi mundu zabaltzen zaizkigu begi aitzinean. Biak kontrajarriak oso: herri bilduak alde batetik (etxe itsatsiak, zerbitzu hurbilak, harreman sozialak, lekuko ekonomia ahalbidetzen dutenak) eta etxetxo barreiatuak bestetik (indibidualismoari gorazarrea, lo guneak, bide itsuak, itxura eta jabetza pribatua, elitismoa, debekuak, ingurumenaren antzutze orokorra). Bigarrena zaigu orokorki eta indarrez inposatzen, lehena garai berrietarako desegokia balitz bezala. Lotura sozialak bakartzearen loturekin, kateekin, ordezkatuak dira. Etxe bakoitza presondegitxoa bilakatzen da bertan bizi denarentzat bezala kanpotik pasatzen denarentzat. Balizko askatasunean beti preso…

Lekua: Apezpikuen presondegia

Herria: Donibane Garazi

Gurekin harremanetan sar


ItzalAktiboa - Zitadelaren karrika, 22 - 64220 DONIBANE GARAZI
+33671005723