Nautilus Lanzarotek egonaldi artistiko bat proposatzen du, Itzal aktiboarekin bat eginez
2018ko Ekainaren 27a
Aurten, berriz ere, Sorkuntza Gaztea Arte Garaikidea - Itzal Aktiboa 2018ko sariaren karietara, Nautilus Lanzarotek artista gazte bati bi asteko egonaldi artistikoa proposatuko dio. Egonaldi artistiko hau Lanzaroten iraganen da (Kanaria uharteak).
Itzal aktiboa elkarteak du lehiaketa antolatzen, Euskal Kultur Erakundearekin eta Uharteko (Nafarroa) Arte Garaikideko Zentroarekin partaidetzan. Hautagaitzen aurkezteko azken epea 2018ko uztailaren 15a da.
2 000 euroko sariaz gain, bi artista Uharteko Arte Garaikideko Zentroan gomitatuak izanen dira, egonaldi artistiko baten egiteko, 2019ko urtarrilaren 25etik martxoaren 3ra, eta Nautilus Lanzarotek hirugarren artista bat gomitatuko du egonaldi artistiko baten egitera, sorkuntza artistikoari eskainia dion egoitzan, Lanzaroten.
Nautilus Lanzarote hotel-apartamentu multzo bat da, Lanzaroten. Ahalmen urriko pertsonei, ingurumenaren zaintzeari eta arte garaikideari zuzendua zaie. Badu hamar urte baino gehiago Nautilus Lanzarotek sorkuntza artistikoaren aldeko bere engaiamendua frogatzen duela, urtean hamabost bat artista errezibituz, egonaldi artistikoak egin ditzaten. Laugarren aldia da Nautilus Lanzarotek egonaldi artistikoa proposatzen duela, Itzal aktiboa sariaren karietara.
Lehiaketako finaletarako sailkatuko diren artisten obrak erakusketa kolektibo batean aurkeztuak izanen dira, Donibane Garaziko Apezpikuen Presondegian, 2018ko urrian.