Aitor Ruiz de Egino
"Aitor Ruiz de Eginok marrazkietatik abiatu zuen bere arte jarduna. Bi dimentsiotako lan horiek zeramikaren bidez iritsi ziren hiru dimentsioetara. Eskulturan, burdina, brontzea eta harria ere landu ditu, baina euskal artisten artean ezohikoa den aluminioa du material kuttuna. Metal distiratsua da, herdoildu gabe luzaroan bizi dena, bizitza irudikatzeko egokia. Eta aluminioaren eskutik bi dimentsiotara itzuli da.
Ez ditu koloreak gehiegi landu nahi garrantzia duena forma delako, metalezko lerro garbiz osatutako forma.
Ikusleak parean zer duen galdetzen dio bere buruari. Zer egitura da hau? Animalia bat? Gizakia? Biak batera? Zer dira hauek, gizakiaren besoak ala zenenaren adarrak? Kutsu surrealista dute, egileak bilatzen duen misterioa.
Antropozooformak izenburuko erakusketa egin zuen, eta izen horrek ederki definitzen ditu parean ditugun formak. Edo antropozoofitoformak ere esan geniezaieke, animalia-gizaki horien gorputz-adar luzatuek zuhaitzen sustraietatik eta adarretatik asko baitute. Eta, oro har, Aitor Ruiz de Eginoren lanak asko du Adarratik. Adarra mendia du inspirazio iturri, eta bere lanak Adarrako izaki bizidunak dira, artistaren burutik iragazita.
Hernanin lan egiten du artistak. Zikuñaga auzoan duen Zikuzulo tailerrean. Hernanik harreman estua izan du Antzinarotik metalgintzarekin eta Aitor Ruiz de Egino ere txikitatik egon da metalari lotuta, aitak galdategi batean egiten baitzuen lan. Artelanak osatzeko behar duen guztia bertan du eskura, materiala biltzeko txatartegia, eskura aluminioa galdatzeko lantegia eta metala margotzeko pintura. Dena, Adarraren magalean."
Nagore Irazustabarrena
Artista honi loturik
Itzal Aktiboak 15 artisten arte-lanak erakusten ditu Eibarko Portalean
Elkarteko sortzaileak, kide aktiboak, ingurukoak edota Itzal Aktiboa Saria jaso zutenak dira eta orotara 51 obra jarri dutugu ikusgai: margolanak, eskulturak, instalazioak.
2020eko Urriaren 17a