Bizitza berria aulki zaharrentzat
2024ko Apirilaren 01a
Berako Labiaga Ikastolako ikasleak zabortegian bukatuko zuten aulki hondatu batzuk zaharberritzeko lanetan ari dira.
Aste guttiren buruan, aulki hauek berriz jaioko dira piramide itxurako eskultura koloretsu batean, Josette Dacosta artista baxenabartarraren margo erakusketaren parte eginez.
Duela 7 urte Itzal Aktiboa kolektiboak Donibane-Garaziko, Baigorriko, Lartzabalgo eta Sohútako ikastoletako ikasleekin batera abiatu zuen proiektuaren jarraipena da ekimen hau.
Haurrek herriko ganbaretan ahaztuta zeuden aulki zaharrak bildu eta artelan bihurtu zituzten. Gauza bera egiten ari dira orain Labiaga Ikastolako ikasleak.
"Erranahi hirukoitza duen ariketa bat da" azaldu du Josettek, ekimenaren sortzaileak. "Lehenik eta behin, hasierako funtzioa galdu duten eta gainerakoan zaborretan bukatuko luketen objektu zaharrek bizitzan aukera berri bat izan dezaketela frogatzen du proiektu honek".
"Haurrak elkarlanean aritzen dira koloreekiko eta materialeekiko beraien sentsibilitatea adieraziz. Eta emaitza bertze antzeko ekimenak inspiratu gogo dituen arte sorkuntza bat da.
Apirilaren 20tik ekainaren 2ra, mihise eta paper gainean margotutako artelanak erakutsiko ditu Labiaga Ikastolako Areto Nagusian. Haien ondoan, aulkien piramideak ohorezko toki bat izanen du erakusgelaren erdian.
Proiektua gogotsu hartu dute Ikastolako irakasleek. Gainera, erakusketa bukatzen denean, 50 aulki koloretsu hauek 2024-25 ikasturtean ospatuko den Labiaga Ikastolaren 50. urteurreneko sinbolo gisa erabiliko dira.